XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EUSKAL HERRIA, KANPOARI IREKIA DEN HERRIA

Alalekuz aldatzea, kultura sartzeko moldeetarik bat izan zitekeen, baina izan da besterik ere.

- Gainerako Europak izan dituen aldaketa beretan parte hartu duen Euskal Herria kanpoaldera irekia izatea oso ulergarria da: ipar Akitaniatik kontinenteko eraginei, Garona eta Ebro zelaietatik mediterranear eraginei, hala nola Atlantiko alde osoari irekia egon dela kontsideratzen badugu.

- Neolito Aroan bertan, harri puska batzuen tipologian jada ikusi dugu, eta beranduago, Kobre Aroan, hegoaldetik etorritako zeramika berria agertzea, aipatua dugun zeramika ezkila-antzekoarekin.

Brontze Aroan, eztainuaren eskaerak, metalki elkarketak egiteko baitezpadakoa zenak, lehengaien hedabide berriak sortu zituen, horrek eskualde ekoizleak fagoratzen zituelarik, batez ere Atlantiar mundu aldekoak.

Brontze Aroaren hastetik, atlantiar probintzia handia, Espainiatik Ingalaterraraino elkargo zabal bat bilakatua da, egiazko Merkatu Batu bat, non ere arotzak, prospekziolariak, artzainak eta merkatariak naharo baitira.

Ordea, lekuko produktuak zerbaixka estandarizatzen ari badira ere, beren etorkia agertzen duen nota pertsonal bat daukate, akitaniar ontzi polipodoaren kasuan ikusi dugun bezala, honek jada aipatua dugun euskal etorkia daukalarik (9. argazkia).

Burdin Aroan, Akitania osoan, eta bereziki, Pirineo-Landak eskualdean dabilen harreman komertzial biziak esplikatzen du hego-mendebal aldean aurkitu diren gauzaki anitzen banaketa, berauek lekuko ekoizpen berezi eta sailean eginiko baten adibide direlarik; eskualdean bertan eta urrunago ere zabaldua izan den ekoizpena.

Adibide gisa aipa ditzakegu (J.P. Mohen), akitaniar ezpata antenadunen banaketa, fibulak, hauek ere akitaniar moldekoak, brontzezko lepokoak beren koska luzeekin, edo konkor hutsez apaindutako ontziak.

Harreman horiek denek, teknologi ekarpenekin batera, beste zer hauen zabalkundea dakarte:

- Mito berriak, gehienak indoeuropar etorkikoak.

Halere, lekuko jainkoizun batzuk, seguraski inbasio horiek berak baino lehenagokoak, guganaino heldu dira, antzinateko idazleei, edo harri-idazkiei, edo aldareei esker.

Izenda ditzagun: Herauskorritxe (Atharratze, Zuberoa), Lois (Bordagain, Lapurdi), Lakubegi (Nafarroa).

- Ehorzketako errito berri batzuk, Protohistoriako jendeek hartuko eta egokituko dituztenak.

Neolito Aroaren hasieratik beretik ehorzten dira hilak.

Praktika honek Brontze Aroaren bukaera arte iraunen du, gero, azken milurtean zehar, gorpu-erretzeaz ordezkatua izateko gehienbat.